Los Chikos del Maíz

2016. urtean geldialdia egin ostean, gaztelaniaz egindako rap politikoaren adierazgarri handienetakoa bueltan da berriro, ‘Comanchería’ lan berriarekin; disko horretan, lagun askoren laguntza izan dute: besteak beste, Ana Tijoux, Zatu de SFDK edo Kase.O. Taldea Valentzian sortu zen 2004. urtean, honako kide hauekin: El Nega (Ricardo Romero, MC eta ekoizlea), Tony El Sucio (Toni Mejias, MC) eta DJ Bokah (DJ eta ekoizlea), eta lotsagabe, borrokalari eta polemikoak izan dira beti; izan ere, lehen aldiz gurasoak baino baldintza okerragoetan biziko den belaunaldi galdu horren bozgorailu bihurtu dira, etxebizitza duina aldarrikatu eta banku nahiz merkatuen tirania salatzen duen etorkizunik gabeko masa prekario horren ahots bihurtu dira.

Dellafuente

Dellafuentek badu oso jende gutxik duen ahalmen berezi bat: ukitzen duen oro moda eta joera bihurtzen du, nahiz eta misterio kutsu batez inguratuta dagoen beti; horrenbestez, Espainiako eszena urbanoan ezinbesteko figura bihurtu da. Bi album argitaratu ditu bere kabuz (‘Azulejos de Corales’ eta ‘Ansia Viva’) eta, horietaz gain, gaur egungo artista handiekin ere egin izan ditu kolaborazioak, hala nola C. Tangana (‘Guerrera’, ‘Paris’), Mala Rodriguez (‘Tenamoras’) edo Novedades Carminha (‘Ya No Te Veo’); bere ekoizpenetan beti aurkituko ditugu flamenkoaren, traparen edo soinu latinoenen bere interpretazio pertsonalak. Zerekin harrituko ote gaitu hurrengo hilabeteetan?

Don Patricio

El Hierron jaio zen 1993. urtean, eta Locoplaya taldearekin (Bejo eta Ugerekin osatzen duen hirukoa da, eta 2012ko Goya sarietan abesti onenaren sarirako hautagai izan ziren) etapa oso aktiboa igaro ostean, aurten lortu du Patricio Martínek Spotify-ko Top 50 orokorreko lehenengo postura iristea, ‘Contando Lunares’ arrakastari esker. Abesti hori bakarkako lehen lanean dago, ’La dura vida del joven rapero’ diskoan, eta gaur egungo gazteen gaiak lantzen ditu, betiere jatorri kanariarraren eraginpeko ikuspegitik begiratuta; bere diskurtsoan, freskotasunez eta zorroztasunez betetako adarjotze hip-hoperoak aurki ditzakegu, baina baita reggaeton mantso-mantsoa eta rap lasaiena ere.

Guitarricadelafuente

Álvaro Lafuente dago Guitarricadelafuente izenaren atzean, eta jendearentzat, oro har, ezezaguna izan da duela hilabete gutxi arte, hau da, bere abestiak Instagram sare sozialera igotzen hasi zen arte; harrezkero, areto ertainak lepo betetzen ditu. Gitarra eta ahotsa lagun dituela, gazte-gaztea izanik ere, urte gehiago dituztenek Antonio Vegaren eta klasiko latinoamerikarren argia ikusten dute harengan; aldiz, gazteenek Z belaunaldiarentzako erreferente berria ikusten dute hogei urte inguruko aragoiar honengan.

Hakima Flissi

Soul, R&B, reggae, funk eta baita afrobeat ukituak ere; estilo horiek guztiak aurki ditzakegu Hakima Flissi artistaren proposamen erakargarrian. Berezko talentu bizi bezain gozoa duen artista bilbotar gazte hau gaur egungo musika urbanoaren figura berri garrantzitsuenetako bat izatera iritsi da.

Huntza

Unibertsitate-giroan sortu zen talde gipuzkoarra 2014. urtean eta, orain, urteak igaro diren honetan, Huntza euskal zirkuituko talderik errespetatuenetako bat izatera iritsi da. Trikitixa, pop-rock-a eta ska dantzagarria uztartzen dira seikote honen musikan; izan ere, folklorea biziberritzeaz eta mestizajeaz gain, sustraidun musikari ukitu pertsonala ematea lortu dute.

Dupla

Letra esplizituak, ukitu elektronikoak dituen pop-a eta hip-hop estetika dira DUPLAren bereizgarriak; Dupla proiektua 2018. urtearen amaieran sortu zen landa-giroan. Antzerkiaren eragin handia duen moduan mugitzen dira agertokian bi aguraindarrak (gitarra eta ahotsa), eta beren lehen EPko abestiak aurkeztuko dituzte Donostia Festibalean; lehen lan hori hilero argitaratu izan dituzten ikus-entzunezko piezetan oinarrituta osatu dute.

NEWSLETTER

logos ARF